domingo, 20 de julio de 2008

Euskal Herritik Suomira

Bilbotik Kotkara
De Bilbao a Kotka
Bilbaosta Kotkaan

Nire bizitza Suomin: negua eta udaberria


Etxe aurreko zuhaitzak elurrez beteta


Etxe aurreko eskola


Hemen nago berriro kontatzeko zelako negua izan dugun. Denok esan dutenez hau izan da negurik epelena, beraz hona ere eguraldi aldaketa heldu da. Egia esan, burua ondo estalita eramanez gero beste guztia arropa egokiaz konpontzen da. 10 gradu zero azpitik baino gutxiago ez dut igarri, eta askotan Gasteizera lanera joaten nintzeneko garaia burura zetorkidan eta benetan esango dizuet han hemen baino hotz handiagoa sentitzen nuela. Hori bai gogorrena izan zen iluntasunera ohitzea, arratsaldeko lauretarako iluntzen baitu. Baina esandako moduan hasieran beldur apur bat sentitu arren, azkenean moldatu nintzen eta iluntasunak ez ninduen geratu ibiltzera joateko, benetan oso ziur sentitzen bainintzen.

Aurreko edo istorio honen 1. zatian esaten nuen bezala hizkuntza ikasteari eman diot orain arte eta momentuz ere, azkenean lortu nuen oinarrizko ikastaro ofizialean sartzea, gau eskolakoan baino ordu gehiago. Gogorra izan da astean 35 bat orduz ikastea baina helburuak merezi duela uste du, hau da, hizkuntza behar bezala ikastea. Hori bai, pentsatu nuen hobe zela gau eskolarekin jarraitzea maila ona lortzeko dena gutxi iruditzen baitzait hizkuntza bat ondo ikasteko, azken batean astean birritan baino ez zen. Orain konturatzen naiz zein ideia ona izan zen.


Hala ere, esango dizuet beste klaseetako martxa guztiz bestelakoa dela, hots, astean 35 ordukoa, gure herrialdekoekin alderatuz gero, hemen ez baitago estresik. Hori bai, mintzapraktika egiteko jai daukazu zure kabuz jendearengana hurbildu ezean. Suomitarrak izatez oso lotsatiak dira, hortaz lehen pausua zeuk eman behar. Eskola honetan aukera ezin hobea izan nuen suomitarrekin harremanetan aritzeko, kurtsoaren amaiera aurretik bi astez praktikak egitera bidali baigintuzten (mintzamena eta hobetze aldera), horretarako niri gomendatu zidaten eskolaren batera jotzea eta horrela beraien munduan sartzea lortu nuen. Harritzekoa bada ere, bazeukaten Euskal Herriaren berri eta gure hizkuntza euskara zela. Oso harrera ona egin zidaten "Kotkan Opisto" izeneko eskolan, han denetarik irakasten dute: eskulanak, musika, hizkuntzak, etab. Ni, hain zuzen ere, eskulanetakora, ingelerakora eta gaztelaniakora joan nintzen, ideia zen ikustea nolako irakaskuntza mota daukaten eta bide batez hizkuntza hobetzea, hau da, suomitarren artean egonda, baina lan munduan. Oso oroitzapen polita daukat zer orduan ikusi bainuen gure hizkuntza eta kultura zabaltzeko aukera ezin hobea eta beraiengandik interes handia nirekiko. Halaber, mintzamenean sekulako aurrerakada eman nuen. Ikastaroa bost hilabetekoa izan da eta apirilaren 8an amaitu zen. Gau eskolakoa apur bat beranduago, maiatzaren bukaeran. Ni oso pozik nago lortutako emaitzarekin, berba egiteko gauza bainaiz eta edozein lekutara joan naiteke beraien hizkuntza erabiltzeko beldurrik gabe.

Jarraian erdi mailako ikastaroan parte hartzeko deitu ninduten eta orain horretan dihardut. Baina hori beste kontu bat da, beste batean helaraziko dizuedana.

Hezkuntza




Oraingo honetan neure ikasle batekin batera hezkuntzari buruz egindako lantxo bat helarazi nahi nizueke. Gure herrialdean dauden arazoak kontuan harturik lagun dezakeelakoan beste herrialde batekoekin alderatzen saiatuko naiz. Munduko lehenak diren herrialdekoarekin, besteak beste, Finlandiakoarekin (Suomi).

Suomiko hezkuntza sistemaren helburuetariko bat biztanleria osoaren gaitasunak eta kultura bultzatzea da. Hezkuntzaren oinarria bizitza osoan zerbait berria ikasteko aukera ematea da.
1998an Suomin egindako gastua heziketan % 6,2koa izan zen eta gainerako herrialdeen batez bestekoa, ordea, % 5,3koa izan zen.
Hezkuntza sistema, gure herrialdean bezala, lau zatitan banatzen da.

1. Haur Eskola: Dohainik da 6 urtera bitarteko umeentzat. Bertan helburua da umeen ikasteko gaitasuna indartzea. Irakasten zaien guztia jolasen bitartez egiten delarik.

2. Lehen Hezkuntza (Derrigorrezko lehen hezkuntza): Umeak 7 urte betetzen dituzten urtean hasten dira. Ikasketa hauek 9 urte diraute. Hau derrigorrezkoa bada ere, bi modutan egin daiteke, bai eskolara joanez bai beste bide batetik jasota derrigorrezko ezagutzak.
Heziketaz gain ikasleek erabiltzen dituzten liburuak zein beharrezko materialak doakoak, baita bazkaria ere. Udal bakoitza arduratu behar da ume guztiek garraioa izan dezaten, eskolatik 5 km baino gehiagora bizi badira.
Hemen ez da titulurik lortzen baina hurrengo ziklora joan nahi izanez gero derrigorrez bete behar da ikasketa programa.
Arestian esan dudan lez, lehen hezkuntzako helburu orokorra ikasleen garapen integrala bultzatzea da, batez ere bizitzarako ezagutza eta trebetasunak irakatsiz. Gainera legeak ezartzen du zailtasunak dauzkaten ikasleentzako heziketa berezia antolatu beharra dagoela.

Lehen hezkuntzako irakasgaiak, besteak beste, ama hizkuntza (suomiera edo suediera), nazioko beste hizkuntza, atzerriko hizkuntzak, gizarte hezkuntza, etxeko ekonomia, erlijioa edo etika-filosofia hezkuntza eta abar dira. Kurtso batzuetan ikasleek beraien interesen araberako aukerazko irakasgaiak ere aukera ditzakete.
Esaterako irakurketa eta testuen ulermenean ikasle suomitarrak munduko hobeen artean daude.
Lehen hezkuntzako iraka-egutegiak 190 eskola egun dauzka. Kurtsoak maiatzaren bukaeran amaitzen dira udaberriko jaiarekin, udako oporraldiari hasiera ematen diona, abuztuaren erdialdera arte luzatzen dena. Urtean zehar hainbat oporraldi daude: udazkenean, Gabonetako jaietan eta eskiatzeko aste bete otsailean edo martxoan.
Udako oporraldia luzea iruditzen bazaigu ere, ikasle asko eta asko udako oporraldia ez dute alferrik galtzen ze aukera handia baitaukate lan egiteko, gazteentzako lanen bat aukeratuz edota eskola bereziren batera joateko.

3. Batxilergoa

Batxilergoaren curriculuma bi, hiru edo lau urteetan egin daiteke, baina ikasteko erritmoa oso banakakoa/indibiduala da.
Berorrek derrigorrezko lau froga dauzka: ama hizkuntza (suomiera edo suediera), nazioko bigarren hizkuntza (suomiera edo suediera), atzerriko hizkuntza bat eta matematikak edo zientziak.
Gaur egun gazteen erdiak baino gehiagok batxilergora jotzen dute, baina aurrerago ere egin dezake.
Oinarrizko lanbide heziketa: Oinarrizko lanbide heziketa bai institutuetan baita lantokietan jaso daiteke, ikastun-kontratu baten bitartez ere.
Lanbide heziketak teoriaz gain, institutuetan bertan dauden lantoki eta laborategietan denboraldiak eta praktikak lantegietan helduek bezala ere barne dauzka.
Eskaintzak oinarrizko 75 lanbide titulu ditu honako arloetan taldekatuta: errekurtso naturalak, teknika eta komunikabideak, merkataritza eta administrazioa, turismoa, jatetxe-arloa eta etxeko ekonomia, gizarte eta osasun ikasketak, kultura zerbitzuak eta astialdi, gorputz eta kirol ekintzak. Legeak ezarritako oinarrizko lanbide heziketaren helburuak honakoak dira: lan bizitzarako behar den gaitasun profesionala eskaintzea eta ikasleak prestatzea lanbide askea jarduteko.
Ikastun-kontratuetan hezkuntza ikastetxeak, enpresak eta langileak epe jakinerako lan eta ikasketa kontratua sinatzen dute.
Ikaskuntza praktika-lanetan egiten da. Beste modu bat tituluak lortzeko zera da, erakusketa sistema deritzona, non ezagutzak lortzeko erabili izan den sistemari erreparatu gabe, izangaiak ebaluaketa proba batzuetan adieraz dezakeen lanbidearen ezagutzak eta trebetasunak menperatzen dituela. Probetan parte hartu ahal da aldez aurretiko prestakuntza heziketa gabe, zuzenean lanean ikasitakoarekin.


4. Goi mailako heziketa: Unibertsitatea edo lanbide heziketa
Unibertsitateen funtzionamenduaren premisa zera da, ikerketa eta hezkuntzaren arteko batasuna.
Unibertsitateko ikasketak izatez guztion eskura daude, ez baitira matrikulak kobratzen.
Goi mailako lanbide eskolak
Goi mailako lanbide eskolen ezaugarriena da bere harreman estua lan esparruarekin.
Erakunde hauen eta unibertsitateen arteko aldea zera da, estatuarenak izan beharrean udalarenak edo pribatuak dira. Dena den, estatuak bere oinarrizko gastuen %57 jasaten du.

Helduen hezkuntza
Munduko gainerakoekin alderatuz, suomitar helduak ikasle sutsuak dira: urtero milioi bat lagunek bere kabuz parte hartzen du institutuek edo unibertsitateek antolatutako milatik gorako jarduera hezitzaileetako batean. Programa hauen luzera orokorra hamar bat milioi eskola ordutakoa da.
Ikasle helduetako gehiengoak lan egiteaz batera ikasten dute. Etengabe irakaslerik gabe eta urrutiko hezkuntzaren bitartez ikasteko aukerak garatzen dira lanera joateko aukera izateko.
Helduaren trebakuntza lan-politikaren tresna garrantzitsua da. Bere helburua lan-esku kualifikatua da hobetzea eta langabetuei lan merkatuan birgizarteratzen laguntzea.Bukatzeko gaineratu nahi nuke eredu batetik bestera alde ederra dagoela eta horien parean jarri ahal izateko alde batetik gizakion artean izugarrizko aldaketa soziala egin beharko litzatekeela, hau da, kulturaz gozatzeari errepara diezaiogun eta ez diruari. Bestalde, gobernuak pentsamendu hori bultzatzea diru-laguntzen bitartez gizakion kultura bermatu ahal izateko EBB-ko eredua aukeratu beharrean, hots, kontsumo-gizartearena, kultur mailan aurrerapausoren bat eman dezagun, guztion aberastasunaren hobe beharrez. Beraz eman diezaigun dagokion garrantzia hezkuntzari.

Nire bizitza Suomin: hasiera

Oinezkoentzako eta txirrindularientzako bidexkak


Kotka udazkenean



Nire bizitza Suomin: hasiera 5.10.2007

Abuztuaren 14an heldu banintzen ere, aspaldiko kontuetaz dihardudala iruditzen zait.
Hasteko bizimodu aldaketa uste nuena baino are handiagoa izan da. Orain arte beti oporretan etorri izan naiz, nahiz eta geratzeko gogoaz nengoela aitortu. Hala ere, orain bestela ikusten dut dena, lehenengo aldia da hainbat denbora etxetik kanpo ematen dudana eta egia esan ez da batere erraza 42 urterekin hutsetik hastea. Sarritan atzean utzitakoak ditut gogoan, esaterako gure lurra, alaba, familia, lagunak, katua eta nola ez nire gauzak, ingurua etabar.
Hemen denbora beste modu batean igarotzen da, batzuetan arinegi eta besteetan astiroegi, baina egunak joan egunak etorri denbora ni baino azkarrago doala ematen du. Nik gauzak edo helburuak berehalaxe lortzekoa naiz, dena den, hori ez da horrela, zeuk moldatu behar duzu ingurura, ingurua ez baita zeurera egingo.
Beno izatez lehen helburua hizkuntza, hau da, suomiera, ikastea izan da eta nik uste baino astiroago noala iruditzen zait, ez baita erraza hemen jendearekin harremanetan hastea. Ahaztuta neukan hemengo jendea izugarri hotza dela, askotan serioegia neure gusturako. Beraz komunikazioa oztopo bat da, hori dela eta neure kabuz ordu gehiago ematen ditut ikasten aurrera egiteko, belarria egiteke izan arren. Denok pentsatuko duzue nola izan daitekeen komunikaziorik gabeko ingurua, ba hauxe berau, orohar ez duzu komunikatu behar ze adibidez, erosketak egiteko normalean supermerkatura joaten zara eta hizkuntza jakin ez arren, erosketak hartu, kutxara eraman eta zenbatekoa esaten dizutenean kutxako pantailara begiratzea baino ez duzu, hortaz zertarako komunikazioa?, bestalde zalantzarik baduzu beti jo dezakezu ingelera erabiltzera ia edonork ulertu eta hitz egiten baitu. Horra hor nire arazorik handiena norekin mintzatu edo non entzun hizkuntza zoragarri hau belarria egiteko.
Nire kabuz hainbat gestio egitera ausartu naiz dakidan apurra erabili ahal izateko, urduri baina neuk aurrera eta azken errekurtso modura euskalinglish erabitzen dut eta kitto. Gestio horiek egiteak behartzen zaitu hizkuntza erabiltzera eta behintzat norbaiti entzutera, hots, banketxean, etabar. Horrez gain egunero eta ahal dudan guztietan irratia entzuten dut. Nire helburua egunen batean beteko delakoan nago, batez ere, gaur esan didatelako agian ordu gehiagoko ikastaro batean sartu ahal izango naizela, eta benetan hor bai espero dudala jendearekin mintzatzea eta belarria ganoraz lantzea. Orain artean beste ikastaro batean nabil, baina astean bi ordu eta berrogei minutukoa baino ez da, eta gainera bertan denetarik dago, hutsetik hasten den jendea eta berba egiten dakien jendea. Irakasleak bost bat hizkuntza dakizki, beraz zeozer ulertzen ez dugunean dakizkien hizkuntzetan errepikatzen saiatzen da (batez ere errusiera eta ingelera) eta beste batzuetan ulertutzat ematen du eta kitto. Hortaz, ikus dezakezuenez halako ikastarotxo batekin ezer gutxi lor daiteke. Horra hor neure itxaropena beste ikastaroan hasteko. (Ez ahaztu neu ere irakaslea naizela beraz nahikoa kritikoa irakasteko moduarekin). Hala ere, ez dut huts egiten eta aurrera egiteko neure kontura ahalik eta gehien ikasten dut.
Gaiz aldatzeko arestian aipatutako esaldi batera joko dut, hau da, hemen denbora luzea daramadala. Eta hori diodanean, benetan hala deritzodalako da, sarri urteak eman ditudala baitirudi. Baina errealitateak erakusten dit ez dela horrela, egunak poliki poliki laburtzen doaz eta zazpietarako iluntzen hasi da, hortaz pasiatzera joan nahi baduzu askoz lehenago atera behar duzu. Askotan neure txikitako oroitzapenak datozkit burura, batez ere, naturaz inguraturik nagoelako eta horretaz gozatu nahi dut. Ederra da leihotik begiratzea eta ia ia eskuekin ikutu ahal izatea zuhaitzak, hainbat motatako zuhaitzak: pinuak, ... eta are gehiago animaliak gertu izatea, esaterako urtxintxak.

Beno uste dut aurrera egin baino lehen paisaia deskribatzea onena izango dela, irudika dezazuen.
Zuhaitzak, zuhaitzak eta zuhaitzak. Errepide parean, etxe parean, inguruan, edonon, basora joateko ez duzu urruti joan behar etxe ondoan baitaukazu. Leku hau irla bat da, beraz itsasoa ere parean daukagu, Suomiko iparraldean kokatuta, Kotka izenekoa (euskaraz arranoa). Konturatu naizenez animalien izenez osatutako hitz asko dauzkate, adibidez karhuvori (euskaraz hartzaren mendia), ez dut gehiegi ikertu baina pentsatzen dut gertu egon daitezkeela edo bere garaian egon zitezkeela. Lautada bat dirudi, errepide zabalak bi norabidez osatuta, alboetan bidexka batzuk dituzte eta bertatik pertsonak, txirrindulariak, eta motor txikiak joan daitezke. Lehen esan bezala ahaztu barik alde guztietatik zuhaitzak ikus ditzakezula, hori dela eta iluntzean argiak egon arren itxiagoa dirudi gaua. Bidexka horietatik ikus ditzakezu beste bidexka txikiago batzuk basora eramaten zaituztenak, askotan gazteak txirrindulaz ibiltzen ikusten ditut handik. Hortaz, naturaz gozatu nahi izanez gero hauxe lekurik aproposena dela esan daiteke. Oinez zoazenean jendearekin gurutzatzean inork ez dizu aurpegira begiratzen atzerritarra izatearren batetik eta bestetik ez dutelako edonorekin berba egiteko ohitura. (Niri askotan “aupa” esateko gogoa ematen dit, baina oraindik ez dut egin)

Etxeak hiru motakoak dira: omakotitalo (euskaraz txaleta), rivitalo (parean beste txalet batzuk dauzkana) eta kerrostalo (pisu arrunta), Euskal Herriko baserriekin edota txaletekin alderatuz gero esan dezaket apur bat desberdinak direla, lurra izateaz gain, beste eraikuntza bat daukate eta bertan “sauna”, hemengo antzinako ohitura baita saunara joatea, harriz eginda eta berori berotzeko batez ere egurra erabiltzen dute. Etxe barrua ere berogailuez berotzen da baina berauek egurrez hornitu behar dituzte, beraz kanpoan beste eraikuntza bat daukate egurra gordetzeko, negu gorria heltzen denerako eta saunarako. Ez ditut txakur gehiegi ikusi egon naizen etxeetan, eta kaletik ere ez, baina katuak bai. Kontuan hartu behar dugu denbora luzea ematen dutela etxe barruan beraz denetarik izan behar dute denbora igarotzeko, gainera jaiak ere bertan egiten dituzte. Ohitura horixe da, lehenengo etxean ospatu eta gero baten batzuk dantzatokira joan dantzara, baina ederki berotuta barrua, ez dakizue nola edaten duten edo hobeto esanda zenbat!
Bestelako etxeetan ere denetarik dago, pisuetan izan ezik, baina horiek konpensatzeko behekaldean “sauna” eta bestelako zerbitzuak dauzkate.
Ez da kutsadurarik igartzen, eta oso ekologiazaleak dira, birziklaketaz arduratzeaz gain ingurua errespetatuz.
Hirian erdigunea dago eta hori da alderik garestiena, beste etxeak auzoetan daude apur bat urrutiago, eta hor apur bat jaisten da etxebitzen prezioa, baina gure herrian dauden prezioekin alderatuz gero, aldea izugarria da. Hemen etxebizitza izatea ez da zaila, merkeagoa baita.

EUSKAL HERRITIK SUOMIRA

Hainbat denbora Euskal Herrian euskara irakasteari eta zabaltzeari eman ondoren, neure bizitzari aldaketa bat ematea erabaki nuen. Denok jakin nahiko duzue zergatik, ba hori alde batetik erreza da azaltzea eta bestetik zaila. Ni beti izan naiz oso ibilitaria, egonezina eta gauza berrien aldekoa, eta aspaldian nerabilten atzerrira joateko ideia buruan. Beraz, pentsatzen hasi nintzen zer egin nezakeen beste herrialderen batera joanez gero.
2005eko udan Suomin bizi zen pertsona bat ezagutu nuen eta adiskedetu ondoren oporreta hara joateko gonbitea egin zidan eta nik zalantzan jarri gabe aukera aprobetxatuz haraxe abiatu nintzen. Egia esan, Suomi erakarri eta liluratu egin ninduen, hizkuntza, kultura, paisaiak, suomitarrak etab. Bertatik bueltan Suomiri buruzko informazioa biltzen hasi nintzen eta horra hor non jakin nuen munduan zehar hainbat lektorado zeudela euskara irakasten zutenak eta horien artean bat Suomi: Helsinki hirian.
Hori dela eta ikertzen hasi nintzen gai horren inguruko arduradunarekin harremanetan jartzeko eta ez zen zaila izan, elkarrizketa bat izan nuen berarekin eta lektoradoen berri eman zidan. Nik azaldu nion neure interesa ahal izanez gero Europa inguruan aritzeko, hain zuzen ere, Suomin. Momentuz lanpostua hartuta zegoela jakin nuen, baina nik denbora kontua baino ez zela pentsatu nuen.
Ordutik aurrera martxa antolatzeari ekin nion. Bien bitartean esan, alde egiteko eguna heldu artean bost bat aldiz bidaiatu nuela Suomira, hobeto ezagutzeko egoteko asmoz.
Nahiz eta lanik ez izan bertan, diru apur bat aurrezten saiatu nintzen bertan bizi ahal izateko denboraldi batez behintzat.
Azkenean 2007ko abuztuaren erdialdean hegazkina hartu nuen Suomirantz.