sábado, 6 de junio de 2009

Nire bizitza Suomin 4

Etxeko sarrera, a zer nolako negua izan dugun!



Aspaldian ezer idazteke egon banaiz ere, hemen naukazue berriro.

Suomira heldu nintzenetik gezurra badirudi ere, hainbat denbora igaro da, ia bi urte eta erdi. Egia esan, denbora arin batean pasatu da, batzuetan herriminaren ondorioz astiroegi igarotzen dela iruditzen bazait ere. Ze benetan ez da erraza azaltzea nolako hutsunea sentitzen den atzerrian bizi izanda eta hain urrun egonda norbere sendiarengandik.
Baina ez gaitezen horrelakoetan hasi, bestela sentiberegia jarriko naiz eta. Beno, oraingo sarrera honetan orain arteko kontuak neurri batean laburbiltzen saiatuko naiz, asper ez zaitezten eta bide batez nire bizipideen berri izan dezazuen.
Lanean hasi nintzenetik gero eta lantxo gehiago lortzen joan naiz, bai klaseak ematen baita interprete/itzultzaile lanetan ere. Une honetan hiru ikastegi desberdinetan eta irakasle nabil. Atzerriko lan esperientzia honi izugarri aberatsa deritzot eta guztiz gomendagarria edonori. Izan ere, poliki-poliki nire lekutxoa egiten nabil suomitarren artean. Bakarrik esan benetan pozik nagoela orain arte lortutakoarekin.
Lanaz gain ikasteari ere ekin diot. Pasa den urtean, esaterako interprete ikastaro bat egin nuen eta iazko abuztutik Helsinkiko unibertsitateak Kotkan duen egoitzan atzerritar-irakasleentzako pedagogia biderako ikastaroa egiten dihardut.
Amaitzeko gauzatxo bat: gure Euskal Herri maitera itzultzeko irrikan banago ere, une honetan gure herrialdean dagoen egoera ikusita, pentsatzen dut onena dela beste denboraldi bat hemen ematea, geurean gauzak konpontzen ez diren bitartean behintzat. Baina ez pentsa ni ikusteke geratuko zaretenik, udan hor izango bainauzue.
Milaka musu Suomitik!