sábado, 6 de junio de 2009

Nire bizitza Suomin 4

Etxeko sarrera, a zer nolako negua izan dugun!



Aspaldian ezer idazteke egon banaiz ere, hemen naukazue berriro.

Suomira heldu nintzenetik gezurra badirudi ere, hainbat denbora igaro da, ia bi urte eta erdi. Egia esan, denbora arin batean pasatu da, batzuetan herriminaren ondorioz astiroegi igarotzen dela iruditzen bazait ere. Ze benetan ez da erraza azaltzea nolako hutsunea sentitzen den atzerrian bizi izanda eta hain urrun egonda norbere sendiarengandik.
Baina ez gaitezen horrelakoetan hasi, bestela sentiberegia jarriko naiz eta. Beno, oraingo sarrera honetan orain arteko kontuak neurri batean laburbiltzen saiatuko naiz, asper ez zaitezten eta bide batez nire bizipideen berri izan dezazuen.
Lanean hasi nintzenetik gero eta lantxo gehiago lortzen joan naiz, bai klaseak ematen baita interprete/itzultzaile lanetan ere. Une honetan hiru ikastegi desberdinetan eta irakasle nabil. Atzerriko lan esperientzia honi izugarri aberatsa deritzot eta guztiz gomendagarria edonori. Izan ere, poliki-poliki nire lekutxoa egiten nabil suomitarren artean. Bakarrik esan benetan pozik nagoela orain arte lortutakoarekin.
Lanaz gain ikasteari ere ekin diot. Pasa den urtean, esaterako interprete ikastaro bat egin nuen eta iazko abuztutik Helsinkiko unibertsitateak Kotkan duen egoitzan atzerritar-irakasleentzako pedagogia biderako ikastaroa egiten dihardut.
Amaitzeko gauzatxo bat: gure Euskal Herri maitera itzultzeko irrikan banago ere, une honetan gure herrialdean dagoen egoera ikusita, pentsatzen dut onena dela beste denboraldi bat hemen ematea, geurean gauzak konpontzen ez diren bitartean behintzat. Baina ez pentsa ni ikusteke geratuko zaretenik, udan hor izango bainauzue.
Milaka musu Suomitik!

lunes, 2 de febrero de 2009

Nire bizitza Suomin 3

Iritsi zaigu elurra, aste honetan -18º
Zer ote da hori euskaldun batentzako? -Fresko samar!
Lehenengo eta behin eskerrak eman nire bloga irakurtzen duzuenoi.

Aurrekoan esan nizuen bezala abuztuaren 30ean titulua lortu eta irailaren hasieran bertan lanean hasi nintzen hemengo eskola pare batean, euskara eta portugaliera irakasten hain zuzen ere, erronka ederra klaseak suomieraz eman behar baititut. Bestalde interprete zentrora datuak bidali, elkarrizketa egin eta hurrengo astean lanean hasi nintzen ere. Ez da gehiegi izan baina zertxobait da. Aldi baterako enpresa pare batean ere izena eman nuen lan gehiago lortzeko, nahiz eta beste zerbitzu batzuetan izan. Elkarrizketetan egia izan denak harriturik geratzen dira dudan hizkuntza mailarekin, batez ere hain denbora laburrean ikasi izanagatik.

Klasera joan nintzen lehenengo egunean guztiz ikaraturik nengoen, ze hainbat urtetan irakasle egon arren, hau erabat berria zen niretzat, atzerrian irakasle eta nire ustez guztiz menperatzen ez nuen hizkuntza erabiliz. Baina horra hor, askotan ez gara gure dohaiaz ohartzen eta kasu honetan, irakasle izanda edonon irakas dezakezu (beste edozein lanbiderekin gerta litekeen bezala), hots, egoerari aurre egiteko gai izan zaitezke. Izan ere, egunez egun konturatzen zara berdin dela non zauden edota zein hizkuntzatan egin behar duzun berba, behar duzuna zera da, ausardia eta batez ere zeugan sinistea.

Hortaz, esan dezaket ikasleek primeran hartu nindutela eta une honetan klasean giro ederra sortu dela. Euskarazko klaseei dagokionez, lana bikoitza izan da ez baitago materialik sortua euskara-suomi, hori dela eta berori neure kabuz antolatu behar izan dut. Nola ez, lehendik egina nuen materiala lagungarri izan zait, eraberritu behar izan badut ere (suomierako sarrerak sarturik), baina emaitza polita izan da. Hortaz gain, eskerrak eman Jaurlaritzako Kultur Sailari bien bitartean bidali didan materialagatik, oso erabilgarri suertatu baitzait. Benetan ez dakit nola adierazi ikasleekin hain denbora laburrean lortutakoa: Bai polita, beraien ahoskatzeko eta irakurtzeko modua!
Hau guztia dela eta, aitortu beharra daukat lan gutxi izan arren, bestalde pozik klaseak ondo prestatzeko astia izan dudalako, batik bat materiala sortzeari dagokionez.

Interprete lanetan ere egunez egun gero eta hobeto moldatzen naiz, honetan batez ere errefuxiatuen interprete dihardut. Hala ere, nire ustez sekula ez denez nahikoa ikasten, otsailaren 16ean ikastaro berezi bat egitera joango naiz. Berorrek 2 hilabete dirau, eta primeran etorriko zaidala pentsatzen dut, arlo guztietako hiztegia ikasteko aukera izango baitut. Kontua da ahal den guztia egitea norbere lanean ahalik eta profesionaltasun handiagoz jarduteko.

Ezin dezaket aipatu gabe utzi Euskal Herria eta euskarari buruzko hitzaldi pare bat eman ditudala, noski, suomieraz. Hori bai, aldez aurretik hemengo irrati baterako elkarrizketan parte hartu behar izan nuen, hemen garrantzi handia ematen baitzaio publizitateari. Harrigarria badirudi ere, ni lasai asko nengoen elkarrizketa egin zidatenean eta ziurtasun handiz aritu nintzen.

Hitzaldiek oso harrera ona izan dute eta aho bete hortz geratuko zinateketen entzuleen iritziak entzun ahal izanez gero. Jakin badakite non gauden eta baita gure herriak eta hizkuntzak jasandakoa. Gehienen hitzetan interesgarria litzateke Euskal Herrira bidaiatzea eta baita hizkuntza ikastea ere. Hona hemen hitzaldietan eskatutako bitxikeria: "Abes diezagukezu abestiren bat euskaraz?". Hona hemen nire erantzuna: "Ez pentsa hau karaoke batean egotea bezalakoa dela, ni ez naiz oso abeslari ona, hala ere zerbait abestuko dizuet". Eta hara non, bat batean ikusi nuen neure burua "Maite, Maite" abesten.
Zer ez ote garen kapaz egiteko gure izena eta izana ondo uztearren. Ez kezkatu, txaloak eta guzti jaso bainituen.
Jendea benetan pozik atera zen berorietatik, baita neu neure buruarekin ere gai izan bainintzen beraien hizkuntzan gure herriaren eta hizkuntzaren berri eman ahal izateko.

Beno amaitzeko esan, urtarrilean gaztelaniako klaseak ematen hasi naizela, hori dela eta maiatzaren bukaerara arte behintzat hemen jarraituko dut. Gero gerokoak!