viernes, 14 de noviembre de 2008

HIZKUNTZA IKASTEN

Oinarrizko zikloko bukaera eguna
atzean erdialdean Heidi gure irakasle maitea
(beltzez jantzita dagoena)
Ea dakizuen nor naizen ni!
HIZKUNTZA IKASTEN


Hasiera batean kontatu nizuen lez, helduentzako gau eskolan ikastaro bat egiten hasi nintzen hizkuntza ikasteko, hori astean bi egunetan baino ez denez gutxitxo gertatzen da. Azkenean ikastaro trinko baterako onartua izan nintzen astean 35 ordukoa, oinarrizko zikloa, guztira bost hilabete irauten duena. Egia esan primeran antolatuta dago dena, ze horrelako ikastaro batera joatearren oinarrizko lanbide arteko gutxieneko soldata ordaintzen dizute (gehi 8 €/eguneko bidaietarako etabar). Ikastaro hauek atzerritarrentzako prestaturik daude.

Ikastaroa goizeko zortzietan hasten da eta ordu bietan edota lauretan amaitu. Goizeko 9.30etan lehenengo atsedenaldia dago kafea hartzeko (15 min), eta luzeena (nire ustez larregi) bazkaltzeko ordua 11.30etatik 12.30etara. Lauretan ateratzen zaren egunetan 14.30etan beste atsedenaldi bat daukazu ordu erdikoa. Hortaz, han ordu pilo bat ematen dituzu, ze ni bizi naizen lekutik 10bat kilometrora baitago. Egokitu zitzaigun irakaslea, Heidi izenekoa, benetan primerakoa da. Azkenean denak familiartekoak ematen genuen. Klasean 18 ginen, Costa Ricako neska bat, Laura izenekoa (orain lagun dudana), Thailandiako neska bat, Prapapan izenekoa (seguraski argazkian ikusi duzue nirekin), beste pare bat Estoniakoak eta gainerakoak errusiarrak, beno eta ni euskalduna. Ikastaroaren alderdirik txarrena hizkuntza nahasketa zen, suposatu ia gehienak errusiarrak izanda, gehien entzuten zena beraien hizkuntza zen. Nik neure aldetik neure ahaleginak egin nituen suomieraz egitera behar zitzaten.

Nik ikastaro hau egiten niharduen arren gau eskolan jarraitzea erabaki nuen, ahalik eta hobeto ikasteko, hortaz suposatu zein gogorra izan zen lehenengo ikastarotik etxera heldu eta handik gutxira bestera joatea astean birritan. Baina zeozer nahi baduzu badakizu! Elurra egin, hotz egin, ni zintzo-zintzo klasera, eta noski beti hizkuntza erabiltzen saiatu. Nahikoa maila dexentea lortu nuen azarotik apirilera bitartean. Ahaztu baino lehen esan ikastaroa egiten duzun bitartean hizkuntza hobetzeko praktikak egitera bidaltzen zaituzte zeuk aukeratutako lantokiren batera. Nik orain klaseak ematen ditudan ikastegian aritzeko aukera izan nuen, oso esperientzia polita benetan.

Gau eskolako ikastaroa maiatzean amaitu zen eta hor ere oso emaitza onak izan nituen, ze hemen garrantzi handia ematen baitzaio lortutako emaitzei, hori dela eta azken eguneko jaian ikaslerik onenak zeintzuk izan diren esaten dute; sinesgarria bada ere, neu izan nintzen neure klaseko onena, ez dakizue nolako aurpegia jarri zitzaidan (tomate bat bezain gorri), ze denon aurrera irten behar baituzu ematen dizuten oparia jasotzera.

Goizeko ikastaroa amaitu aurretik jakin izan nuen erdi mailako ikastarorako onartua izan nintzela, hots, apirilaren erdialdean edo hasi nintzen berorretan. Zoritxarrez aurrekoan izan genuen irakasleak beste hiri batera alde egiteko asmoa zeukan eta ondorioz beste batekin hasi ginen, guztiz desberdina dena izakerari dagokionez behintzat. Nire helburua hizkuntza ahalik eta azkarren ikastea zenez bertan uda osoa eman nuen askotan gogorik ez izan arren, irakaslearen aldetik ez baitzegoen gu motibatzeko ahaleginik eta. Azken hilabetea, hau da, abuztua praktiketan eman nuen aurrekoan egondako leku berean. Eta klasean egotea baino hobea zen, gainera bien bitartean nire lagunak Larrabetzutik etorri ziren 15 egun pasatzera eta horrek indarberritzen zaitu. Abuztuaren 30ean erdi mailako titulurako azterketara aurkeztu nintzen, ia EGAkoaren parekoa ematen zuena, ni ez nengoen oso ziur pasatuko ote nuen edo. Baina azkenean, emaitza heldu zitzaidan unibertsitatetik eta gainditua zegoen ditxosozko azterketa. Hortaz, titulua ere eskura. Orain goi mailakoa prestatu nahian nabil, inguruan ikastarorik ez badago ere. Seguraski neure kabuz bilatu beharko dut materiala.

Beraz, ikusten duzuenez merezi izan du egindako ahalegina.

Hurrengo idaztian kontatuko dizuet zertan nabilen orain bertan, zertxobait aurreratzeko esan euskara bultzatzen dihardudala eta dagoeneko talde txiki bat dudala.

Laster arte!


No hay comentarios: