domingo, 20 de julio de 2008

Nire bizitza Suomin: hasiera

Oinezkoentzako eta txirrindularientzako bidexkak


Kotka udazkenean



Nire bizitza Suomin: hasiera 5.10.2007

Abuztuaren 14an heldu banintzen ere, aspaldiko kontuetaz dihardudala iruditzen zait.
Hasteko bizimodu aldaketa uste nuena baino are handiagoa izan da. Orain arte beti oporretan etorri izan naiz, nahiz eta geratzeko gogoaz nengoela aitortu. Hala ere, orain bestela ikusten dut dena, lehenengo aldia da hainbat denbora etxetik kanpo ematen dudana eta egia esan ez da batere erraza 42 urterekin hutsetik hastea. Sarritan atzean utzitakoak ditut gogoan, esaterako gure lurra, alaba, familia, lagunak, katua eta nola ez nire gauzak, ingurua etabar.
Hemen denbora beste modu batean igarotzen da, batzuetan arinegi eta besteetan astiroegi, baina egunak joan egunak etorri denbora ni baino azkarrago doala ematen du. Nik gauzak edo helburuak berehalaxe lortzekoa naiz, dena den, hori ez da horrela, zeuk moldatu behar duzu ingurura, ingurua ez baita zeurera egingo.
Beno izatez lehen helburua hizkuntza, hau da, suomiera, ikastea izan da eta nik uste baino astiroago noala iruditzen zait, ez baita erraza hemen jendearekin harremanetan hastea. Ahaztuta neukan hemengo jendea izugarri hotza dela, askotan serioegia neure gusturako. Beraz komunikazioa oztopo bat da, hori dela eta neure kabuz ordu gehiago ematen ditut ikasten aurrera egiteko, belarria egiteke izan arren. Denok pentsatuko duzue nola izan daitekeen komunikaziorik gabeko ingurua, ba hauxe berau, orohar ez duzu komunikatu behar ze adibidez, erosketak egiteko normalean supermerkatura joaten zara eta hizkuntza jakin ez arren, erosketak hartu, kutxara eraman eta zenbatekoa esaten dizutenean kutxako pantailara begiratzea baino ez duzu, hortaz zertarako komunikazioa?, bestalde zalantzarik baduzu beti jo dezakezu ingelera erabiltzera ia edonork ulertu eta hitz egiten baitu. Horra hor nire arazorik handiena norekin mintzatu edo non entzun hizkuntza zoragarri hau belarria egiteko.
Nire kabuz hainbat gestio egitera ausartu naiz dakidan apurra erabili ahal izateko, urduri baina neuk aurrera eta azken errekurtso modura euskalinglish erabitzen dut eta kitto. Gestio horiek egiteak behartzen zaitu hizkuntza erabiltzera eta behintzat norbaiti entzutera, hots, banketxean, etabar. Horrez gain egunero eta ahal dudan guztietan irratia entzuten dut. Nire helburua egunen batean beteko delakoan nago, batez ere, gaur esan didatelako agian ordu gehiagoko ikastaro batean sartu ahal izango naizela, eta benetan hor bai espero dudala jendearekin mintzatzea eta belarria ganoraz lantzea. Orain artean beste ikastaro batean nabil, baina astean bi ordu eta berrogei minutukoa baino ez da, eta gainera bertan denetarik dago, hutsetik hasten den jendea eta berba egiten dakien jendea. Irakasleak bost bat hizkuntza dakizki, beraz zeozer ulertzen ez dugunean dakizkien hizkuntzetan errepikatzen saiatzen da (batez ere errusiera eta ingelera) eta beste batzuetan ulertutzat ematen du eta kitto. Hortaz, ikus dezakezuenez halako ikastarotxo batekin ezer gutxi lor daiteke. Horra hor neure itxaropena beste ikastaroan hasteko. (Ez ahaztu neu ere irakaslea naizela beraz nahikoa kritikoa irakasteko moduarekin). Hala ere, ez dut huts egiten eta aurrera egiteko neure kontura ahalik eta gehien ikasten dut.
Gaiz aldatzeko arestian aipatutako esaldi batera joko dut, hau da, hemen denbora luzea daramadala. Eta hori diodanean, benetan hala deritzodalako da, sarri urteak eman ditudala baitirudi. Baina errealitateak erakusten dit ez dela horrela, egunak poliki poliki laburtzen doaz eta zazpietarako iluntzen hasi da, hortaz pasiatzera joan nahi baduzu askoz lehenago atera behar duzu. Askotan neure txikitako oroitzapenak datozkit burura, batez ere, naturaz inguraturik nagoelako eta horretaz gozatu nahi dut. Ederra da leihotik begiratzea eta ia ia eskuekin ikutu ahal izatea zuhaitzak, hainbat motatako zuhaitzak: pinuak, ... eta are gehiago animaliak gertu izatea, esaterako urtxintxak.

Beno uste dut aurrera egin baino lehen paisaia deskribatzea onena izango dela, irudika dezazuen.
Zuhaitzak, zuhaitzak eta zuhaitzak. Errepide parean, etxe parean, inguruan, edonon, basora joateko ez duzu urruti joan behar etxe ondoan baitaukazu. Leku hau irla bat da, beraz itsasoa ere parean daukagu, Suomiko iparraldean kokatuta, Kotka izenekoa (euskaraz arranoa). Konturatu naizenez animalien izenez osatutako hitz asko dauzkate, adibidez karhuvori (euskaraz hartzaren mendia), ez dut gehiegi ikertu baina pentsatzen dut gertu egon daitezkeela edo bere garaian egon zitezkeela. Lautada bat dirudi, errepide zabalak bi norabidez osatuta, alboetan bidexka batzuk dituzte eta bertatik pertsonak, txirrindulariak, eta motor txikiak joan daitezke. Lehen esan bezala ahaztu barik alde guztietatik zuhaitzak ikus ditzakezula, hori dela eta iluntzean argiak egon arren itxiagoa dirudi gaua. Bidexka horietatik ikus ditzakezu beste bidexka txikiago batzuk basora eramaten zaituztenak, askotan gazteak txirrindulaz ibiltzen ikusten ditut handik. Hortaz, naturaz gozatu nahi izanez gero hauxe lekurik aproposena dela esan daiteke. Oinez zoazenean jendearekin gurutzatzean inork ez dizu aurpegira begiratzen atzerritarra izatearren batetik eta bestetik ez dutelako edonorekin berba egiteko ohitura. (Niri askotan “aupa” esateko gogoa ematen dit, baina oraindik ez dut egin)

Etxeak hiru motakoak dira: omakotitalo (euskaraz txaleta), rivitalo (parean beste txalet batzuk dauzkana) eta kerrostalo (pisu arrunta), Euskal Herriko baserriekin edota txaletekin alderatuz gero esan dezaket apur bat desberdinak direla, lurra izateaz gain, beste eraikuntza bat daukate eta bertan “sauna”, hemengo antzinako ohitura baita saunara joatea, harriz eginda eta berori berotzeko batez ere egurra erabiltzen dute. Etxe barrua ere berogailuez berotzen da baina berauek egurrez hornitu behar dituzte, beraz kanpoan beste eraikuntza bat daukate egurra gordetzeko, negu gorria heltzen denerako eta saunarako. Ez ditut txakur gehiegi ikusi egon naizen etxeetan, eta kaletik ere ez, baina katuak bai. Kontuan hartu behar dugu denbora luzea ematen dutela etxe barruan beraz denetarik izan behar dute denbora igarotzeko, gainera jaiak ere bertan egiten dituzte. Ohitura horixe da, lehenengo etxean ospatu eta gero baten batzuk dantzatokira joan dantzara, baina ederki berotuta barrua, ez dakizue nola edaten duten edo hobeto esanda zenbat!
Bestelako etxeetan ere denetarik dago, pisuetan izan ezik, baina horiek konpensatzeko behekaldean “sauna” eta bestelako zerbitzuak dauzkate.
Ez da kutsadurarik igartzen, eta oso ekologiazaleak dira, birziklaketaz arduratzeaz gain ingurua errespetatuz.
Hirian erdigunea dago eta hori da alderik garestiena, beste etxeak auzoetan daude apur bat urrutiago, eta hor apur bat jaisten da etxebitzen prezioa, baina gure herrian dauden prezioekin alderatuz gero, aldea izugarria da. Hemen etxebizitza izatea ez da zaila, merkeagoa baita.

No hay comentarios: