domingo, 20 de julio de 2008

Nire bizitza Suomin: negua eta udaberria


Etxe aurreko zuhaitzak elurrez beteta


Etxe aurreko eskola


Hemen nago berriro kontatzeko zelako negua izan dugun. Denok esan dutenez hau izan da negurik epelena, beraz hona ere eguraldi aldaketa heldu da. Egia esan, burua ondo estalita eramanez gero beste guztia arropa egokiaz konpontzen da. 10 gradu zero azpitik baino gutxiago ez dut igarri, eta askotan Gasteizera lanera joaten nintzeneko garaia burura zetorkidan eta benetan esango dizuet han hemen baino hotz handiagoa sentitzen nuela. Hori bai gogorrena izan zen iluntasunera ohitzea, arratsaldeko lauretarako iluntzen baitu. Baina esandako moduan hasieran beldur apur bat sentitu arren, azkenean moldatu nintzen eta iluntasunak ez ninduen geratu ibiltzera joateko, benetan oso ziur sentitzen bainintzen.

Aurreko edo istorio honen 1. zatian esaten nuen bezala hizkuntza ikasteari eman diot orain arte eta momentuz ere, azkenean lortu nuen oinarrizko ikastaro ofizialean sartzea, gau eskolakoan baino ordu gehiago. Gogorra izan da astean 35 bat orduz ikastea baina helburuak merezi duela uste du, hau da, hizkuntza behar bezala ikastea. Hori bai, pentsatu nuen hobe zela gau eskolarekin jarraitzea maila ona lortzeko dena gutxi iruditzen baitzait hizkuntza bat ondo ikasteko, azken batean astean birritan baino ez zen. Orain konturatzen naiz zein ideia ona izan zen.


Hala ere, esango dizuet beste klaseetako martxa guztiz bestelakoa dela, hots, astean 35 ordukoa, gure herrialdekoekin alderatuz gero, hemen ez baitago estresik. Hori bai, mintzapraktika egiteko jai daukazu zure kabuz jendearengana hurbildu ezean. Suomitarrak izatez oso lotsatiak dira, hortaz lehen pausua zeuk eman behar. Eskola honetan aukera ezin hobea izan nuen suomitarrekin harremanetan aritzeko, kurtsoaren amaiera aurretik bi astez praktikak egitera bidali baigintuzten (mintzamena eta hobetze aldera), horretarako niri gomendatu zidaten eskolaren batera jotzea eta horrela beraien munduan sartzea lortu nuen. Harritzekoa bada ere, bazeukaten Euskal Herriaren berri eta gure hizkuntza euskara zela. Oso harrera ona egin zidaten "Kotkan Opisto" izeneko eskolan, han denetarik irakasten dute: eskulanak, musika, hizkuntzak, etab. Ni, hain zuzen ere, eskulanetakora, ingelerakora eta gaztelaniakora joan nintzen, ideia zen ikustea nolako irakaskuntza mota daukaten eta bide batez hizkuntza hobetzea, hau da, suomitarren artean egonda, baina lan munduan. Oso oroitzapen polita daukat zer orduan ikusi bainuen gure hizkuntza eta kultura zabaltzeko aukera ezin hobea eta beraiengandik interes handia nirekiko. Halaber, mintzamenean sekulako aurrerakada eman nuen. Ikastaroa bost hilabetekoa izan da eta apirilaren 8an amaitu zen. Gau eskolakoa apur bat beranduago, maiatzaren bukaeran. Ni oso pozik nago lortutako emaitzarekin, berba egiteko gauza bainaiz eta edozein lekutara joan naiteke beraien hizkuntza erabiltzeko beldurrik gabe.

Jarraian erdi mailako ikastaroan parte hartzeko deitu ninduten eta orain horretan dihardut. Baina hori beste kontu bat da, beste batean helaraziko dizuedana.

2 comentarios:

larrabetzularrabetzutik dijo...

Kaixo.
Gorantziak Larrabetzutik!

Ondo ibili... egunen batean joango gara vodka edaten....
;-)

larrabetzularrabetzutik dijo...

haiyKaixo. Lurdes.
Iñigo naz eta bialdu nahi dautsut argazki batzuk.
Loliren tabernarenak. Mexikanoa.
Nire helbide elektronikoa hau da:

urkulu@gmail.com

zein da zurea?
Erantzuna nire helbidera bialdu

Iñigo